HistoriaHistoriaurrea eta lehendabiziko lekukotza idatziak
Udal barrutiko paraje menditsuetan, hamasei monumentu megalitikoz gain, Atako bailarako Erroldan Harria deitutako menhirra eta trikuharri ugari daude (Ata, Zubigoien, Seakoain I eta H, Pamplonagañe…). Horietako gehienak 700 metrotik 1.000 metrora bitarteko altitudeetan daude kokatuta, Aralar mendiko artzaintza-eremuetan. Aurkitutako lehendabiziko lekukotza idatzia erromatarren garaikoa da. XI. mendetik aurrera, Hyarte, Hiate, Iharte aldaerak agertzen dira hainbat dokumentutan. Sorrera eta finkapena Hiribildua 1355.ean eraiki zen. Carlos II. Erregeak inguruko herrixketako biztanleak biltzea agindu zuen, hala nola, Muztillano, Arguindoain edo Arguindicain, Amurguin, Echabe, Aguiregui, Mendicoa, Epelloa, Urzegui, Blastegui, Illardia eta Gatizanokoak. Ibarra, Sakana, mugagunea zen (Gipuzkoa eta Bizkaia Gaztelaren mende geratu ziren) eta gipuzkoarren erasoak oso ohikoak ziren. Erregeak defentsa-lerro bat eraikitzea agindu zuen, hainbat babes-hiribilduk osatua, Etxarri Aranazkoak, esate baterako. Hala ere, zaila izan zen hiribildua eraikitzea eta jendeztatzea. 1357. urtean, herrixketako etxeak eraisteko agindu zuten, bertako bizilagunak Uhartera bizitzera joan zitezen. Garai hartan, Lizarrako Forua eman zitzaion Uharteko herriari.
Biztanleria motel hazi zen —1366an 51 biztanle zituen—, baina mende bukaeran sendotzen joan zen. 1401ean harrizko harresia eraikitzen hasi ziren. XV. mendean, beaumontarren aldera lerratu zen Uharte (beaumontarrak Gaztelaren alde zeuden). Eta nahiz eta gorteetan esertzeko, azokak antolatzeko eta urkatzeko eskubideak lortu zituen, beaumontarren alde borrokatzen jarraitu zuen, eta erasoen ondorioz, eskualdea suntsituta eta despopulatuta gelditu zen hainbat aldiz. XV. mendearen bukaeran, sute bat gertatu zen (historian zehar asko jasan ditu Uhartek) eta hiribilduko 160 etxeak suntsiturik gelditu ziren. Hori zela eta, erregeari zergak ordaintzetik salbuetsi zituzten, hamar urtez.
Konkista eta hazkunde motela Gaztelako armadak, Albako dukea buru zuela, Uharte Arakilen kanpatu zuen, 1512ko ekainean. Okupazioan, errota erre zen. Konkistaren ondoren, Fernando Katolikoak hainbat plaza gotortzea agindu zuen—horien artean Uhartekoa—, bai eta errota berreraikitzea ere.
1546. urtean, uhartearrak Zamartzeko baselizaren aurka altxatu ziren. Behin matxinada menderatu ondoren, matxinatuak isun bat ordaintzera kondenatu zituzten. Prozesatuen artean hiru emakume zeuden. Garai hartan sendalari ospetsu bat bizi zen Uharteko Martija etxean, Lekeition mediku zegoen Cartagena jaunaren biloba zena. Gipuzkoan eta Lizarraldean oso ezaguna zen, sendabelarrak erabiliz egiten zituen sendaketengatik eta sendabideengatik. Bere bezero gehienak emakumeak ziren. Hark ere kontuak eman behar izan zituen justiziaren aurrean. Hazkunde motelari 1600. urtean gertatutako sutea gehitu behar zaio. Horren ondorioz, ezin izan zuten ordezkaririk bidali gorteetara. Mendearen bukaeran, lurren errendimendu eskasak arrisku larrian jarri zuen herritarren biziraupena, eta herriak zuhaitzak saldu behar izan zituen gastuak ordaintzeko. XIX. eta XX. mendeak Liberalismora igarotzeko trantsizio mendea bereziki gogorra izan zen eskualdearentzat. Herriak nekazaritzan aritzeko eskulanik gabe gelditu ziren, eta liskarrek erreketak eta suntsiketak ekarri zituzten. 1822ko ekainean, erregearen gerrillariak bi alditan sartu ziren Uharte Arakilen, eta posta lapurtu eta milizianoak desarmatu zituzten. Miguel de Irañeta Uharteko bikarioa eta beste apaiz batzuk beren funtzioetatik alboratu zituzten, partida horietako batean parte hartzeagatik.
Mendearen erdialdean, Uhartek estanko bat —txokolatea eskuragarria zegoen bertan—, ostatua eta eskola zituen. Eskolak 2.000 errealeko aurrekontua zuen. Maisuaren kontratuko klausula batek behartzen zuen Garizumako gau guztietan kristau doktrina euskaraz ematera. Klausula hori 1820, 1822 eta 1837ko kontratuetan ere agertzen da. Hemen jaso zuen bere lehendabiziko prestakuntza Felipe Gorriti konpositoreak (1830-1896). Felipe Gorritik Agur Jesusen Ama lanaren egilea da.
1855. urtean, kolera izurrite batek gogor jo zuen herria. Urte hartan bertan onetsitako desamortizazio legea betetzeko, errota bat, teileria bat eta errota zaharreko orube bat saldu ziren. 1831. urtean onetsi zen Arakilgo ibarra zeharkatuz Iruñea eta Gasteiz lotuko zituen bidea irekitzea. Eta 1862-1865 epealdian Iruñea-Altsasu linea eraiki zen eta Madril-Frantzia linearekin lotu zen. Trenbideko harlandua eta harri-horma harresiko hondakinekin eraiki ziren. Ardatz horiek hiribilduaren konfigurazio urbanistikoa aldatuko dute: herria ekialdera eta mendebaldera zabaldu da, bi ardatz berrien inguruan. Hala ere, hiribildu zaharraren trazadura ez da ia aldatu. Mendearen bukaeran beste sute handi bat gertatu zen, 1892an.
30eko hamarkadan hiru korronte politiko ezberdin nagusituko dira: eskuindarrak, ezkertiarrak eta abertzaleak. Gerra zibilean herriko hiru bizilagun erail zituzten, horien artean alkatea. 1962an sute handi bat gertatu zen, herriko arkitekturan arrasto handia utzi zuena (Ibai kalea).
|
ORDENANTZAK Landa-bide publikoen erabileraren inguruko Ordenan |
ORDENANTZAK Herri Lurren aprobetxamenduak arautzen dituena |
ORDENANTZAK Bizitegi-erabilerako erikinak birgaitze-eraberritz |
ORDENANTZAK EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INSTALAZIOAK |
ORDENANTZAK Belaunaldi berriko telekomunikazio sarbide sarrera |